Haur Hezkuntza

Hain garrantzitsua den etapa honetan, haurrak konfiantzan heztea da gure helburu nagusia. Hori lortzeko asmoz, giro lasaia, goxoa eta gertukoa eskaintzen diegu gure txikiei Herri Ametsa ikastolan. Sentitzen duten segurtasun horretatik erosotasunez ingurua behatuz eta esperimentatuz, arlo emozional, sozial zein kognitiboak garatzeko baliabideak izango dituzte gurekin.

Azken finean, Ikastola osatzen dugun komunitate osoaren artean, etapa honetan hazia erein egiten dugu. Bitartean, helduok bidelagun izango gara, hazi hori ureztatzen, zaintzen eta elikatzen egongo garenak. Honela, Ikastolako ibilbide osoan zehar sustraiak errotzen joango dira, loratu edo fruituak eman arte.

NORBERAREN ALTXORRAREN BILA

Haurtzaroa da norberaren aberria eta garai honetan bizitako esperientziek eta, batez ere, sentitutakoek aztarna sendoa utziko dute. Ikertuz, ukituz, usainduz, dastatuz eta gure ingurua ezagutuz, haurraren barne mundua eraikitzen hasteko garaia da eta gu, bide zoragarri horretan ere, beraien ondoan egoteko prest gaude. Zein zirraragarria den haur bakoitzaren barnealdea azaleratzen laguntzea!

Haur ameslariak, biziak, alaiak, anitzak, beren burua ezagutzen, onartzen eta maitatzen dutenak, taldekide sentitzen direnak, harremanak sendotuz doazenakā€¦ Bide horretatik bidaiatuko dugu elkarrekin. Azkenean, norberaren bizitza eraikitzen hasteko hain garrantzitsuak diren eta betirako eragina izango duten sustrai sendo bat eraikitzea da gure erronka.

JOLASA ETA MUGIMENDUA

Jolasa jarduera naturala da eta gozagarria izateaz gain, sormenaren eta irudimenaren garapena indartzen du. Haurrek haien gorputzarekin, objektuekin eta lagunekin egiten dituzten jolasen bitartez, indarra, giharren kontrola, oreka, hautematea eta beraien gorputzaren erabileran ziurtasuna lortzen dute. Aldi berean, hizkuntza, oroimena eta arreta ere garatzen dira.

Era berean, adimenaren garapena ere suspertzen du jolasak. Izan ere, ezagutzak martxan jarri eta sortu daitezkeen liskarrei aurre egiteko eta erabakiak hartzeko aukerak eskaintzen dizkigu.

Emozionalki ere, harremanetan eragin handia du jolasteak. Jolas sinbolikoetan sortzen denari arreta handia jartzen diogu, haurraren garapenean garrantzitsuak diren ezaugarriez eta xehetasunez jabetzeko.

NATURA MAITATUZ

Imajinatuko al zenuke gelatik bertatik urtxintxak adar batetik bestera saltoka ikusi ahal izatea? Itsasoa bertatik ikustea? Behiak eta ahuntzak gure parkeko bizilagun izatea? Herri Ametsa ikastola, horretarako, ezin hobea da, Uliako baso ederrean bertan baikaude. Hori da gure egunerokoa, gure Ikastolak momentu oro naturan murgilduta egoteko eta gozatzeko aukera ematen digu.

Naturaren bidez, haurraren garapen integrala bilatzea dugu helburu eta natura zainduz, gure amalur kuttuna eta bakarra errespetatzen ikastea eta harekiko kontzientzia hartzea ditugu oinarri.

Gure bizitzaren lehen urteetan, natura jolas-parke handia da eta jolastuz ikasten dugu bertan. Haurtzaroan, ingurune naturalarekin etengabeko harremana izatea oso onuragarria da, ikaskuntzari eta norbere garapen integralari begira. Ikasteko gogoa eta jakin-mina pizten ditu eta lasaitzen ere laguntzen du. Horretaz gain, arintasuna eta garapen eragilea ere lantzen dira.

Ingurua libreki esploratuz eta manipulatuz, natura eta jolasa baliabide hartuta, adinari dagozkion edukiak barneratzen laguntzea eta bidelagun aritzea da gure paper nagusia.

Tutore, irakasle eta espezialistak

Pin It on Pinterest

Share This