Proiektuak
INGURUMENA ETA JASANGARRITASUNA
Eskolako Agenda 2030
Hezkuntza-zentroaren eta bere ingurunearen iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Hezkuntza komunitatearen (batez ere ikasleen) parte hartzean oinarritzen da eta udalerriaren garapen iraunkorrean esku hartzen eta elkarlanean aritzen da.
20 urte baino gehiago daramatzagu ilusioz eta gogoz proiektu honekin esku artean ikastolan. Ingurumen zein gizarte arazoak konpontzeko asmoz, ezagutzak, trebetasunak, jarrerak motibazioa eta konpromezua garatzen ditugu gure ikasleekin. Bide luze honetan, ESKOLA JASANGARRIA ziurtagiria lortu genuen 2015. urtean eta gaur egun, eskola jasangarria izaten jarraitzen dugu.
Proiektu Digitala
Gizartean izan den iraultza teknologikoa eraldakorrenetariko baten testigu gara; une oro aldatzen eta berreraikitzen den gizarte baten iraultzaren testigu, eta sarri ez espresuki ongi planifikatua. Horregatik, gure ikastolan ikasleen ibilbide digital berri hauetan ondo prestatuta egoteko nahian, apustu handi bat egin dugu proiektu honen alde.Â
Proiektu digitala ikastolaren hezkuntza proiektuarekin bat etorriko da eta ikastolaren kudeaketa planean integratuta egongo da. Ikastolaren kudeaketa, plan estrategikoan oinarritzen da eta hori urteko planetara hedatzen da.
Baso Eskola
2022ko urtarriletik dago abian Baso Eskola gurean, naturak ikasleen garapen integralean eskaintzen duen onuretan sinisten dugulako.
Aire zabalean, jolasa, ikaskuntza zein hezkuntza prozesua bateratu egiten dira eta, modu horretan, elkarbizitza osasuntsuagoa lortzen da. Irakasleak bidelagunak dira eta haurrak lagundu egiten dituzte, ez gidatu. Saioak ikastolako eremu naturalean eta inguruan dugun Ulia naturgunean gauzatzen ditugu.
Bertan dugun aberastasuna kontuan harturik, adin desbedinetako haurren beharrei erantzuteko aukera paregabeaz baliatzen gara. Proiektua curriculumean txertatuta dago eta HH 3-4-5 eta LH 1-2-3 mailatan gauzatzen da.
EUSKAL CURRICULUMA
EKI
Bertsolaritza
Bertsozale Elkartearen eskutik, bertsolaritza ikasgelan lantzen dugu. Jolasean eta kantuan, bat-batekoa lantzen da batez ere.
Bertsozale Elkarteko irakaslea ikasgelako dinamika gidatzera etortzen da eta tutorea ere gelan izaten da. Horrela, bi irakasleen artean aukera dugu ikasturtean zehar egingo diren ekimenak adosteko eta proiektua ikasgelara egokitzeko. Proiektua curriculumean txertatuta dago eta LH 5 eta 6. mailetan gauzatzen da.
HIZPRO
Ikastolen Hizkuntza Proiektuaren helburua euskaran eta euskalduntasunean ardazten den eleaniztasuna garatzea da. Hartara, Hizkuntza Proiektua ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzari eta erabilerari dagozkien alderdiak biltzen dituen eta haien trataerari koherentzia ematen dion egitasmoa da. Egitasmo integrala da, eta Ikastolaren eremu guztietan, ikaskuntza-irakaskuntzan, eskola-komunitatearen harremanetan, eta Ikastola txertatuta dagoen gizarte hurbilekiko harremanetan eragiten du.
Bikoteka irakurtzen
Lan-metodoa ikasleak binaka antolatzean datza. Bat tutorea izango da eta bestea ikaslea, ondoren rolak aldatuko dituzte. Irakasleak tutoreari emango dizkio bikotekidearekin irakurri beharko dituen testuak eta elkarrekin erantzun behar dituzten galderak.
Proiektua curriculumean txertatuta dago eta LH 2, 3 eta 4. mailetan gauzatzen da.
BIZIKIDETZA
KiVa
KiVak jazarpena saihestea du helburu ikasle guztiei zuzendutako ekintza globalen bidez. Taldean eragin nahi da, beraiek egoera hauek zuzendu eta sustatu ez ditzaten.
Programak ekintza espezifikoak ditu jada jazarpen egoera bat gertatzen ari diren kasuetarako. Ekintza horiek jazartzaileari zein biktimari zuzenduta daude eta haien inguruko talde txiki bat ere aukeratzen da biktimari laguntzeko eta jazarpenari amaiera emateko helburuarekin.
KiVak zentroaren hasierako egoera ebaluatzen duen eta gertatzen ari diren aldaketen etengabeko jarraipena egiten duen sareko tresna bat du.
Proiektua LH eta DBHn gauzatzen da.